edukira jauzi egin
Aldundiaren logoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Harremanetarako

 

Hemen zaude::

Taldeak

  • Harremanetarako
  • Orria partekatu
    Orri hau partekatu
    url_comparitr: /BKIN/servlet/webAgentBKIN?ATOMQINPUTQoperationName=BKINMenu&IdCampanyas=IdCampanyas
     

Dibulgazioa

Sentsibilizazio kanpainak

2026

ERRESPETUA

Azken hilabeteetan, Kirola On tresnaren bidez, gero eta intzidentzia gehiago atzeman ditugu eskola-kiroleko partiden harmailan eta ikusleen artean izandako jokabide desegokien ondorioz. Egoera honek kezka eragiten digu, zuzenean eragiten diolako gure gazteen esperientzia kirolari eta sortzen den giroari.

Horregatik, eta jardunaldi guztietan ingurune hezitzailea, segurua eta errespetuzkoa bermatzeko helburuarekin, jakinarazi nahi dizuegu otsailaren 21etik aurrera martxan jarriko dugun ekimen berri bat.

“Errespetua” ekimena

“Errespetua” leloa duten pankartak inprimatu ditugu, eta pankarta horiek saskibaloiko, futbolerako eta eskubaloiko Eskola Kiroleko partiduetan erabiliko dira.

Pankarta hauek partida bakoitzaren hasieran erakutsiko dira. Horretarako, kirolariek, entrenatzaileek eta epaileek pankarta eskuetan hartuko dute eta publikoari begira jarriko dira, partida hasi aurretik segundo batzuetan.

CKeinu sinboliko honek gogorarazi nahi du bertan dauden guztiei —familiei, lagunei eta bestelako ikusleei— zein garrantzitsua den giro egokia eta errespetuzkoa mantentzea.

Zer sustatu nahi dugu ekimen honekin?

  • Epaileen erabakiak errespetatzea, protesta edo iruzkin desegokirik gabe.
  • Harmailatik entrenatzaile gisa ez jardutea, rolak ondo bereiziz eta kirol-egile bakoitzaren lana errespetatuz.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren "Ikusle onen Dekalogoa" betetzea.
  • Eskola-kirolaren benetako helburua gogoraraztea: neska-mutilek dibertitu, ikasi eta hazteko espazioa dela, emaitzetatik harago.

Eskola-kirola esperientzia positiboa, hezigarria eta aberasgarria izan dadin, gurasoak funtsezko zarete. Zuen laguntza eta parte-hartzea ezinbestekoak dira elkarbizitzan eta errespetuan oinarritutako giro bat sortzeko eta mantentzeko.

ERRESPETUA

2024

TXARTEL BELTZA BERRIA

Zer da?

Eskola Kirolaren lehiaketetan, joko-eremuaren BARRUAN zein eremu horretatik KANPO, HEZIGARRIAK EZ DIREN jokabideak ekiditeko ekintza bat da. Bereziki, AHOZKO INDARKERIAko edo INDARKERIA FISIKOko kasuak edo ARGI ETA GARBI KIROLTASUNAREN AURKAKO beste edozein motatakoak.

Zelan funtzionatzen du?

Epaileek, ESKOLA BEGIRALEA barne, portaera desegokiren bat ikusten badute, TXARTEL BELTZA erakutsiko die lehen aldiz eta IKUSTEKO MODUAN instalazioan dauden pertsona guztiei. Horrela, pertsona guztiei (kirolariak, teknikariak eta publikoak) JAKINARAZTEN zaie portaera EZ DELA EGOKIA.

Ekintza horiek jarraituz gero, bigarren aldiz erakutsiko da txartel beltza, eta PARTIDA AMAITUTZAT JOKO DA.

Zer gertatuko da partida amaitutzat jotzen bada?

Gertatutakoa aktan jasoko da, eta lehiaketa-batzordeak aztertuko du. Bi taldeak ere zigortu ahal izango dira portaera txarragatik.

TXARTEL BELTZA BERRIA

2023

Epaileekin ere euskaraz hitz egin

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaian Kirola Euskaraz (BIKEE) programaren baitan, kanpaina berri bat jarriko du abian denboraldi honetan, kirolariak arbitroekin ere euskaraz hitz egitera animatzeko. Horretarako, epaile euskaldunak eta/edo euskara ulertzen dutenak identifikatzeko sistema bat kaleratu dugu.

Partidetan arbitroek eramango duten besoko baten bidez egingo da identifikazioa.

Bi besoko mota daude:

  • Gorria: hitz egin eta euskaraz erantzungo dizu
  • Berdea: euskara ulertzen du. Hau da, berari euskaraz hitz egin, nahiz eta berak gaztelaniaz erantzun.

Epaileekin ere euskaraz hitz egin

2020

Apirilak 28: Heziketa Fisikoaren Eguna

Bizkaiak eskola-umeak animatzen ditu etxean kirola egitera, Heziketa Fisikoaren Egunean

Lurraldeko ia ehun kirolarik konfinamenduan zehar umeek etxean jarduera fisikoa egin dezaten sustatuko dute, sare sozialen bidez.

Konfinamendu garaian lurraldeko umeen artean kirola sustatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak, Hezkuntza Fisikoaren Egunean, ekimen bat jarriko du abian, zeinaren bidez lehen mailako ia ehun kirolarik kirolaren balioak helaraziko baitituzte Foru Erakundearen sare sozialetan jarritako bideoen bidez.

«Egin kirola, have fun!» lelopean, Aldundiak lurraldeko neska-mutilak etxean kirola egitera sustatu nahi ditu, konfinamendu garaian ere.

Halaber, Bizkaiko kirolaren modalitate eta diziplina guztietako erreferen diren pertsonek mezu positibo bat helaraziko diete biztanle guztiei, oro har, eta umeei, bereziki, etxe barruan jarduera fisikoa egin dezaten bultzatzeko.

Hainbat kirol-modalitatetako erreferenteek hartu dute parte ekimenean, besteak beste, alpinismo, atletismo, saskibaloi, boxeo, txirrindularitza, hockey, pilota, arraun eta sokatirakoek.

2017

Apirilak 6: Garapenerako eta Bakerako Kirolaren Nazioarteko Eguna

Kirolak erraztu egiten du garapen iraunkorrerako bidea. Gero eta garrantzitsuagoa da, garapena eta bakea lortzeko bidean. Izan ere, tolerantzia eta errespetua sustatzen ditu, eta ekarpen positiboa egiten du, hainbat arlotan: emakumeen ahalduntzea eta gazteak -hala maila indibidualean nola komunitatekoan-, osasuna, hezkuntza eta gizarte-inklusioa.
Nazioarteko Egun horren bitartez, lankidetzan aritzeko eta gai horri buruzko kontzientzia sortzeko gonbidapena egin nahi zaie estatuei; Nazio Batuei eta haren Garapenerako eta Bakerako Kirol Bulegoari; arlo horretan eskumena duten nazioarteko erakundeei; nazioarteko, eskualde eta estatuetako kirol erakundeei; gizarte zibilari, gobernuz kanpoko erakundeak eta sektore pribatua barne; eta gai horretan interesa duten guztiei.

Hauek dira asteburuan egin nahi ditugun jarduerak:

  1. ESKOLA KIROLA GARAPENA ETA BAKEA LORTZEKO BALIABIDE AITORTZEA.

ZER ESKATZEN DIZUEGU?

  1. Eskola Kirolean aritzen zareten erakunde/talde/pertsonei eskatzen dizuegu, ekintzaren bat egiteko.
  2. Kontatu iezaguzu zein izan den zure ekarpena, irudi/testu/bideo... bat bidalita.
  3. Bidali egindako ekintzei buruzko bideoak edo argazkiak, azalpen batekin batera, helbide honetara: eskola.kirola@bizkaia.eus

GUK:

Nazioarteko egunari buruzko informazio gehiago

ENTITATEAK

2016

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIARI EZ

Foru Aldundiak lila koloreko puntuarekin argazkiak egiteko egin zuen proposamenak arrakasta itzela lortu du eskola kiroleko taldeen artean. Ekimen hau foru erakundeak azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, antolatu dituen beste batzuekin garatu da.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIARI EZ

Bizkaiko eskola kiroleko talde askok emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez kontzientziatzeko lila koloreko puntua kanpainan parte hartu du horretarako azaroaren 26 eta 27ko asteburuan jokatu ziren lehiaketetan puntu horrekin argazkiak eginda.

Talde eta klub horiek Euskara, Kultura eta Kirol Sailak eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak era koordinatuan egin zuten deialdiarekin bat egin dute; ekimen honetan lehiaketetako parte hartzaileek argazkiak egin behar zituzten lila koloreko puntuarekin.

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta horregatik taldeei argazki horiek ateratzea proposatu zitzaien eta esan zitzaien argazkiok foru erakundean aurkezten bazituzten Aldundiaren webean argitaratuko zirela.

Irudi horiek Berdintasunerako Zuzendaritzara igorri behar ziren eta azken egun hauetan diziplina askotako eskola kiroleko lehiaketetako ehun baino gehiago jaso dira.

Ekimen honen helburua bat dator Aldundiak A25aren inguruan antolatu dituen jarduera guztiekin eta xedea familia bizkaitar askoren asteroko agendan emakume batzuek pairatzen duten giza eskubideen arau-hausteen garrantzia islatzea da.

Indarkeria horren aurkako borrokak esparru guztietako erakundeen arteko jarduketa osagarriaren emaitza izan behar du, epaitegietako jarduketarekin eta poliziaren jarduketarekin bat biktimenganako eta horien ardura dauden pertsonenganako arreta landu behar delako, beti ere gizarte osoan landu behar den kontzientziatze lana ahaztu gabe. Eskola kiroleko taldeek egin dituzten argazkiak beste urrats bat dira sentiberatzearen bide horretan.

2014-2015 denboraldia

Txartela Beltza

Hezigarria Ez Den Jokabidea

Hezkuntza funtsezko tresna bat da gizarteak aurrera egiteko, eta komunitateko pertsona guztien ardura da, ez baita hezkuntza-zentroetan soilik eman behar den prozesu bat, baizik eta umeen bizipen-eremu guztietan eman behar den prozesu bat. Batez ere askatasun eremuetan edo eremu horietaz gozatzeko uneetan, balioak eta jokamoldeak eskuratzeko espaziorik onenak baitira.

Horregatik, Eskola Kirolaren barruko jardueretan ezin da onartu kirol-jardueretan parte hartzen duen inork (kirolariak, teknikariak, ikusleak) heziketa-lan horren kontrako ekintzarik egitea.

Eskola Kirolaren programan halako gertaerarik izan ez dadin, Bizkaiko Foru Aldundiak TXARTEL BELTZA sortu du, heziketaren aurkako jokabideak kontrolatzeko.

Honako hau joko da jokabide ez hezigarritzat: eskola-umeek parte hartzen duten kirol lehiaketa batek dirauen bitartean jokalekuan edo handik kanpo egiten den eta eskola-umeen heziketa integralaren kontrakoa den edozein ekintza. Bereziki, indarkeria fisikoa edo ahozkoa, edo kirolaren kontrako jarrerak.

Jarduera zuzentzeaz arduratzen denak izango du txartel beltza ateratzeko eskumena.

  1. Txartela lehen aldiz ateratzen denean, parte-hartzaile guztiei honako informazio hau emateko izango da: jardueran hezigarriak ez diren jarrerak gertatzen ari dira, eta, jarrera horiei eusten bazaie, lehiaketa eten egingo da.
  2. Bigarren aldiz erakusten denean, kirolariei ekitaldia amaitu dela jakinarazteko izango da. Kasu horretan, aktan jaso beharko da gertatutakoa, zehatz-mehatz. Lehiaketa Batzordeak, berriz, dagokion kirol-zehapena ipiniko du.


Beste kanpainak

Gehiago irakurtzeko